Esaerak dioen moduan, Sanmilixan, ardikixa jan eta aketeixan. Ardi-okela janez, agian, ez dituzte ospatuko sanmilixenak domeka honetan Gatzagan. Hala ere, itzulipurdika, jauzika edo aketeixan aritzeko arrazoiak soberan izango dituzte egunerako prestatu duten artisau azokako postuetan izango direnak ikusteko.
Artisau azokan orotariko produktuak izango dira, urtero moduan, eta aurtengoa 28. edizioa izango da. Guztira, hamabost postu jarriko dituzte, eta horietan bitxigintza, saskigintza, larrugintza, poltsak, erlojuak, arropagintza, taloak eta piper erretze erakustaldia izango dira, besteak beste.
Piper erreak probatzeko aukera
Azpimarratzeko postu bat izango dela ere adierazi dute antolatzaileek: "Postu berezi gisa, Lizarratik piperrak erretzen eta saltzen izango dira zenbait lagun. Gatzagatik jende dezente joaten da haiengana produktuak erostera, eta, guk etortzeko eskatuta, domekako azokan izango dira. Pikillo piperrak eta najeranoak ekarriko dituzte, baina baita bestelako produktuak ere. Gainera, Gatzagako gatzarekin prestatuko dituzte piper erreak, bertaratzen direnek probatzeko".
Horrekin batera, Sorginak Emakume Taldekoak taloak egiten arituko dira, urtero moduan. "40 kilo irin enkargatu ditugu taloetarako, eta barruan sartzeko, iaz moduan, 37 kilo hirugihar eta 37 kilo txistor. Egunean bertan hamabost lagun inguru izango gara lanean. Batzuk, taloak egiten; beste batzuk, plantxan, hainbat txistor eta hirugihar egiten; eta gainontzekoak, zerbitzatzen".