Gatzaren Eguna urriaren 23an ospatuko da

Imanol Beloki Unamuno 2022ko urr. 5a, 16:24

2019an egindako Gatzaren Egunean, plazan batutakoak.

Urriaren 23an izango da aurten, seigarren aldiz, Leintz Gatzagan, Gatz Eguna, eta egitaraua aurkezteko aprobetxatu dute gaurko eguna. Ekitaldia Mankomunitateko egoitzan izan da, eta, bertan batu dira Iker Goiria Foru Aldundiko turismo zuzendaria, Maite Anton Debagoieneko Mankomunitateko lehendakaria, Aitor Larrañaga Gatzagako garapenerako eta turismo alorreko teknikaria, eta, Beñat Agirreurreta Gatzagako kultura teknikaria.

Gatz Egunaren baitakoak azaldu aurretik, Gipuzkoa turismoa eta eskualdeen arteko lankidetza balorean jarri ditu aurkezpenean, Iker Goiriak, Foru Aldundiko turismo zuzendariak. "Guk promozioa egin dezakegu, baina, ekintzak antolatu eta benetako lana zuek egiten duzue", adierazi die Gatzagatik gerturatutako udal ordezkariei.

Gatz kultura hedatzen

Hori esanda, Aitor Larrañagak, Gatzagako garapenerako eta turismo alorreko teknikariak Gatzagako ondarea balorean jarri du: "Iturburu gazi bat dugu Gatzagan, eta, iturburu horrek gatzaren inguruko ekonomia bat sortu zuen, eta horrek ekarri zuen herriaren garapena; eta herriaren sorrera bera ere gatzak ekarri du. Gainera, gatz kultura bat hedatu da, eta, orain dela 30 urte inguru kultura guzti horren aztarna guztiak baloreak jartzen hasi ziren. Gaur egun gatz ekoizpena bertan egiten dugu, 0 kilometrokoa, Eusko Label kalitatea duena…, eta horrekin batera, zabalkundea emateko, Gatzaren Eguna ere antolatzen hasi ginen".

Egitarau betea

Gatz Eguna, gatzari omenaldi bat egitea moduko bat da. Egun baten batzen dute gatzaren baitan egiten duten lan guztia herriratzeko. Hori horrela, egitaraua honakoa izango da:

11:00etatik 14:30era, Gatzaren eta produktu ekologikoen azoka.

11:00etatik 14:00etara, Zurezko plaza jokoak.

10:00etan, Mendi ibilaldi gidatuak. Bi aukera izango dira: 'Gatz kulturak eman digun paisaia eta bioaniztasuna' eta 'Gatzaga mendebaldeko pagadietan zehar'.

11:00etan, Baso bainua.

12:00etan, Jakoba Errekondo. Landare-kontsultategia.

- Sukaldaritza tailerra haurrentzako.

- Mintegi ekologikoa.

-Bisita gidatuak eta gatz xaboiak egiteko tailerrak Gatz Museoan.

Eskerrak laguntzen aritu direnei

Beñat Agirreurretak, Gatzagako kultura teknikariak, berriz, Gatzaren Egunaren baitan antolakuntzan aritu diren guztiei eskerrak emateko aprobetxatu du. "Gatzagako herritar moduan eskertu nahiko nizkieke prozesu luze guzti honetan lanean aritu diren guztiei. Baita bertako elkarte eta eragileei, eta, baita, Aldundiari, Mankomunitateari, Biolurri, Errez kooperatibari…".

Gatzaren Eguneko egitaraua aurkezteko batutakoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak