Garai onenean sartuta, bisitariak agenda betetzen

Imanol Beloki Unamuno 2022ko ira. 30a, 13:27

Aitor Larrañaga bisita eskaintzen.

Oporraldiko balorazio onarekin, ikastetxeetatik eta jubilatuen elkarteetatik hasi dira hitzorduak hartzen Leintz Gatzagako Gatz Museoan.

Leintz Gatzagan, Gatz Museoko ohiko bisita gidatua ez da bertan duten eskaintza bakarra. Guztira, bost eskaintza dituzte: museoa bera ezagutzea eta bertan egiten duten gatzaren prozesua azaltzea, Hiruerreketako ibilbidea, Vasco-Navarro trenbideko ibilaldia, herriguneko bisita eta Jakion ezagutzeko bisita; eta horien artean egin daitezkeen konbinazio guztiak.

Udako oporraldia ondo joan dela adierazi du Aitor Larrañagak, Gatzagako Gatz Museoko arduradunak, eta pozik agertu da izan duten harrerarekin: "Udan jende asko izan dugu Gatzagan. EAE-tik, Kataluniatik, Madrildik izan ditugu bisitariak, batez ere. Hala ere, frantsesak eta ingelesak ere etorri zaizkigu bisitetara. Ohiko lurraldeetako bisitariak dira, baina oso pozik gaude harrerarekin".

Bisita gidatuak asteburuetan egingo dituzte, ohiko egun eta ordutegia jarraituz; hau da, zapatu, domeka eta jaiegunetan, 12:00etan euskarazko bisita izango da eta 13:00etan, gaztelerazkoa. Horrez gain, hamar lagunetik gorako taldeak badira eta hitzordua hartzen badute, aste barruan ere joateko aukera dute.

Haurrak eta nagusiak

Ikastetxeak ere martxan hasi dira, eta, beraz, hasi dira museoko bisitetarako hitzorduak hartzen. "Iraila eta urria data onak dira, familia asko etortzen dira, kintadak… Ikastetxeetakoei dagokienez, debagoiendarrak etorri zaizkigu, oraingoz, baina Gipuzkoako beste ikastetxe batzuen deiak ere jaso ditugu. Horrekin batera, Erretiratuen Elkartekoak ere hasi dira deitzen bisita eskean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak