Irabazlearen taldekide Samuel Fernandez izan da bigarren helmugan, 22 segundora, eta Telco'm taldeko Jose Marin hirugarren, 23ra.
Lasterketa bizi-bizia izan da hasieratik, eta mugimenduak bata bestearen atzetik etorri dira. Tropela apurtzea eragin du horrek, eta aurreko taldean geratu dira Caja Ruraleko Abel Balderstone, Samuel Fernández eta Joseba López, beste talde batzuetako ordezkariekin batera; gaur, baina, talde orlegia izan da nagusi –eurentzat izan da taldekako sailkapena–.
Azken txanpan erasoa jo du Abel Balderstonek, eta inork ezin izan dio jarraitu. Hauxe esan du garaileak amaieran lasterketari buruz: "Gatzagako lehen igoeran estutu egin dugu Samuelek eta biok, eta hogei txirrindulari inguruko taldea osatu dugu. Hiru taldekideok erasoka hasi gara, aurkariak atzean uzteko asmoz, eta azkenean neuri egokitu zait hori lortzeko zortea. Taldearen lana oso ona izan da, eta oso pozik nago. Ez nuen hainbeste garaipen lortzea espero; hiruzpalau espero nituen, eta bost daramatzat; pozik egotekoa da, beraz".
Leintz Gatzagan irabazita, Lehendakari Txapelketako lidertza sendotu du Balderstonek.