Gaztainuzketako mendi-etxeen zerbitzua, Gaizka Perezi esleituta

Imanol Beloki Unamuno 2022ko eka. 23a, 16:56
Beñat Agirreurreta, Eugenio Otsoa eta Juanito Bengoa ekaineko osoko bilkuran.

Gaur, eguena, egin dute ekaineko ohiko osoko bilkura Leintz Gatzagako Udaleko Hautesle Elkarteko kideek, eta, gai zerrendari erreparatuz, azpimarratzekoak izan dira zenbait puntu. Batetik, Gatzagako Udaleko lanpostu zerrendaren aldaketaren hasierako onarpena egitea, eta, bestetik, Gaztainuzketako apartamentu turistikoen konplexua kudeatzeko esleipena egitea.

Gatzagako Udaleko lanpostu zerrendaren aldaketaren hasierako onarpena egin dute gaurko osoko bilkuran, eta horren arrazoia izan da udal langile batek erretiroa hartuko duela: "Bi emakume ditugu Udaleko administrazioan lanean, Josune eta Marijo, eta Marijok erretiroa hartuko duenez, beste pertsona bat beharko dugu, hark egiten duen lana egiteko", adierazi du Juanito Bengoa Gatzagako zinegotziak.

Mendi-etxeak hizpide

Horrekin batera, Gaztainuzketako mendi-etxeak ere izan zituzten atzoko osoko bilkuran berbagai. Izan ere, Gaztainuzketako apartamentu turistikoen konplexua kudeatzeko esleipena egin dute, eta aho batez onartu dute udal ordezkariek. "Gaizka Perez Aretxabaletako mutil gazte bat da, eta LEINNeko ikasketak egin ditu Oñatin, enpresa bat martxan jartzeko asmoz. Hura izango da Gaztainuzketako mendi-etxeak kudeatuko dituena, eta, gauza bereziren bat ez bada gertatzen, hark eramango du zerbitzua. Itxura ona hartu diogu; alegia, aholkulari oso onak ditu, eta gure konfiantza osoa du. Hori horrela, uztailaren 1ean martxan jarriko da. Apurka-apurka mendi-etxe batzuetan hobekuntzak egingo ditu, eta aurrera begira taberna zerbitzua irekitzeko asmoa ere badu. Hala ere, azken honi erreparatuz, aurten, behintzat, ez duela irekiko taberna aurreikusten du", Bengoak adierazi duenez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak