Bola-joko txapelketan berotu ostean piztuko dute sua

Imanol Beloki Unamuno 2022ko eka. 17a, 11:45

Iaz, gatzagarrek egindako sua.

San Juan bezperan, sua piztuko dute gatzagarrek, 22:30ean, San Migel plazan, baina horren aurretik ere izango dituzte zenbait ekintza. Hasteko, III. bola-joko txapelketa jokatuko dute, 17:30ean, bolatokian.

Toki-eder erretiratuen elkartekoak arduratu dira antolaketa lanez, eta 30 lagun inguru batuko direla aurreikusten dute: "Pandemia urtean kale egin arren, San Juan bezpera egunean bi urtetan egin dugu bola-joko txapelketa eta aurten ere animatu gara antolatzera. Hiru kategoria izango dira: haurrak, erretiratuak eta gainontzekoak", adierazi du Eusebio Villarek, Toki-eder elkarteko kideak. "Gipuzkoako bola-joko txapelketa maiatzean jokatu zen, eta, beraz, ordutik prest dugu bolatokia. Asteon bertan izan gara, eta ez dugu eremua txukundu beharrik izan. Ea jendea animatzen den parte hartzera…".

Bola-jokoa amaitzean, Leire Moñux bergararrak kontzertu akustikoa egingo du, 19:30ean, plazan. "Indai taldeko kidea da Leire Moñux, eta egon izan da taldean kontzertua ematen. Hala ere, oraingoan, hura bakarrik arituko da, era akustikoan, bertsioak egiten", adierazi du Beñat Agirreurretak, Gatzagako Udaleko Kultura zinegotziak. Emanaldia amaitzean, mokadutxoa izango da, 21:00etan, eta 22:30ean piztuko dute San Juan sua.

Sua pizteko egurra gertu dago

San Juan sua pizteko erdigunean atonduko dute txokoa eta, egurrak gertu dituztela adierazi du Agirreurretak: "Xabi Jausorok zuhaitzak kimatzean batutako adarrak eta adaxkak gordeta ditugu, eta horiek erabiliko ditugu San Juan sua pizteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak