Makilakorta Fest jaialdirako dena gertu dute Gatzagan, eta herriko ateak guztientzat irekita dituztela adierazi nahi izan dute. Izan ere, egitarau xumea antolatu dute, baina bertaratzen diren guztiek ongi pasatzeko modukoa. Izan ere, goizean herri pilota txapelketa izango da; gero, catering enpresa batek prestatutako herri bazkaria – paella–; ondoren, pilota txapelketako finalak jokatuko dira; eta iluntzean, Arrasateko Kontralde eta Ataungo Unidad Alavesa musika taldeen kontzertuak izango dira.
Aurreikuspenak gaindituta
Gatza City Krew gazte taldeko kideak aritu dira egitaraua antolatzen, eta "pozik" agertu dira, aurreikusi baino parte-hartze handiagoa izango delako pilota txapelketan eta herri bazkarian. "Ahalik eta jende gehien erakartzea zen hasiera batean ezarri genuen helburua, eta lortuko dugu. Izan ere, 16 urtetik gorakoentzat ireki genuen pilota txapelketarako izen-ematea, eta arrakasta handia izan du, eta bertan arituko diren gazte gehienak herri bazkarian ere izango dira. Hala, hamazortzi bikote animatu dira pilota txapelketa jokatzeko, eta bazkaltzeko ia 100 lagun batuko gara", adierazi du Beñat Agirreurretak, Gatzagako Udaleko Kultura zinegotziak.
Pilota txapelketa ez da kategoriaka banatuko eta "pike sanoa" izango delakoan daude antolatzaileak. "Irabazleentzat ez dugu adierazi saririk egongo denik, baina jasoko dute zerbait. Beraz, egon dadila lehia. Horrekin batera, sekulako kontzertuak ditugu, doan izango dira; beraz, gozatu dezala jendeak", adierazi du Agirreurretak.