Beñat Agirreurreta: "Aurreikuspena hamabost ordu eta erdi inguruan amaitzea da"

Imanol Beloki Unamuno 2021ko urr. 8a, 12:22

Beñat Agirreurreta gatzagarra.

Gorbeia, Anboto eta Aizkorri mendietako tontorrak zeharkatzen dituen mendi lasterketa mitikoa, Hiru Haundiak proba, izango da asteburuan. Gatzagak ere izango du bere ordezkaritza; izan ere, Beñat Agirreurreta arituko da, Gatzagako parte-hartzaile bakarra.

Aurtengoa 22. edizioa izango da, eta erresistentzia handiko proba zapatuan 00:00etan hasiko da eta egun bereko 24:00etan amaitu. Parte-hartzaileek 101,6 kilometro egin beharko dituzte, 5.126 metroko desnibel positibo meta-tuarekin, eta 1.000 parte-hartzailek helduko diote erronkari.

Prest zaude erronkarako?

Eguraldi freskoa iragarri dute, eta euririk ez badu egiten ondo joango delakoan nago. Ondo prestatu naiz lasterketarako, eta garrantzitsuena jana eta edana ondo kontrolatzea izango da. Pazientzia izatea, burua hotz mantentzea eta beherakada momentuei aurre egitea; azken honetan dago gakoa.

Laguntza ezinbestekoa da halako lasterketetan?

Anoa-postuetan beti izango ditut lagunak. Horrekin batera, Landatik aurrera Asier Urizar herrikideak lagunduko dit, eta, amaiera aldera, Urbiatik aurrera Aratz Oñederra laguna etorriko da nirekin batera.

Zein aurreikuspen dituzu?

2018an egin nuen lehenengo aldiz, eta orain, bigarren aldiz egingo dut. Nire asmoa hamabost ordu eta erdi inguruan amaitzea da, eta, helburu finko barik, lasterketa bukatzen badut ondo, eta denbora horren aurretik eginez gero, hobezin.

Ibilbidearen zatirik gogorrena zein izan daiteke, zure ustez?

Denbora asko galdu daiteke Anbototik Landara bitartean. 20 kilometro dira, eta, laster-ketaren 40. kilometroa izanda, erritmoa jaitsi eta azken kilometroak oso luzeak egin daitezke. Horrekin batera, eolikoak zeharkatzea ere luzea izan daiteke, baina erritmoa mantendu behar da, eta aurrera egin.

Errekuperazioa ere garrantzitsua izango da, ezta?

Noski. Proba osteko astea lasai hartuko dut, eta lasterketa aurretik eta lasterketan zehar bezala, ondo jan eta ondo edan. Hala, apurka-apurka errekuperatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak