Sanmilixenetako artisau azoka 10:00etatik 14:30etara bitartean izango da, eta postuak ordubete lehenago hasi beharko dira prestatzen, Leintz Gatzagako pilotalekuan. Erakusgai edo salgai egongo diren produktuen egilea bertan izatea derrigorrezkoa izango da, bai eta azoka egunean langintzaren erakustaldia egitea. Artisauak berak landu ez dituen produktuak ez dira onartuko eta Gatzagako Udalak eskatutako dokumentazioa ere entregatu beharko dute; hain zuzen, leintzgatzaga.eus webgunean ikusgai dago, eskaera orriarekin batera: jarriko diren erakusmahaien neurriak, aurkeztu beharreko egiaztagiriak…
Tailer herrikoia
Bestalde, artisautza azokak irauten duen bitartean, frontoi ondoko lokalean artisautzako tailer herrikoia egingo dute. Hamar eta hamabost pertsona arteko taldeetan banatuta, haurrei, gazteei eta helduei zuzenduta egongo da. Hala ere, eremuari eta parte hartzeko oinarriei dagokienez, artisau azokan parte hartzeko berberak izango dira. Gainera, ondorengo baldintzak gehituko zaizkio: emango den tailerraren deskripzio zehatza, batetik, eta aurrekontua eta beharrak, bestetik.