Biharko, zapatua, Hemen gaz! izeneko jaialdia antolatu dute Leintz Gatzagan. Eguerdiko poteo musikatuaz batera 19:00etan, bi kontzertu izango dira. Sarrera doakoa da, baina izena eman beharko du nahi duenak. Horretarako, Doodle plataforma erabili da, eta Goiena.eus webguneko agendan dagoen estekaren bitartez ere eman daiteke izena. Antolatzaileen esanetan, edukiera 100 pertsonatara mugatu dute, eta, hain zuzen ere, oraindik lekua dagoela jakinarazi dute.
Punk-rocka nagusi
Sospechosos, Golpe de Estado, Banda Munizipala, Papalagi, Antihumano eta CC627 taldeetan ibili izan diren musikariak 2019an batu, eta hala sortu zuten Oñatiko Larru Beltzak taldea. Horiek izango dira Gatzagako oholtza gainean, punk-rock ukituko kantuak eskaintzen. Eurekin batera ErNE taldekoek ere eskainiko dute kontzertua. Besteak beste, Jose Ayudarte gitarra-jole eta Ibai Agirreurreta baxu-jole gatzagarrek osatzen dute taldea, eta etxean jotzeko gogoz daude.