ErNE taldeak egiten duena aurkezteko plaza hoberik ezin izan du aurkitu. Izan ere, Areantzan eskaini zuen lehenbiziko kontzertua, The Potes taldearekin eta Garazi Barrenarekin oholtza konpartituz.
Ander Moreno Arrasateko bateria-joleak, Eneko Iglesias Aretxabaletako gitarra-joleak eta Jose Ayudarte gitarra-jole eta Ibai Agirreurreta baxu-jole gatzagarrek osatzen dute taldea, eta, momentuz, asmo zehatzik ez duten arren, apurka-apurka taldea sendotzea dute helburu. "Duela bi urte hasi ginen entseatzen, eta sei kantu ditugu, guztiak guk sortutakoak. Horiek eskaini genituen Areantzako emanaldi paregabean. Hurrengo emanaldiari begira, beste abestiren bat ere aterako dugu, baina, esan bezala, presa gabe", adierazi du Ibai Agirreurreta taldekideak.
Uztailean kontzertua Gatzagan
Uztailaren 24ko asteburuan Gatzagan jotzeko asmoa dutela aurreratu du Agirreurretak, Oñatiko Larru Beltzak talde hasiberriarekin batera.