Labidea alboko tunelean murala egingo dute, hiru zapatutan

Imanol Beloki Unamuno 2021ko eka. 4a, 12:36
Mural bat margotzen.

Gurel Guraso Elkarteak sustatuta, Leintz Gatzagako Udalaren babesarekin eta POOK sormen laborategia elkartekoek lagunduta, muralismo tailerra izango da hiru zapatutan, bihar, ekainaren 5a hasita.

Asmoa da Labidea dendaren alboan Pilar kalera ematen duen tunelean, margolan bat egitea auzolanean, herria apaintzeko; eta, horretarako, batez ere, haurrak animatu nahi dituzte antolatzaileek parte hartzera. Oraingoz, hamabik eman dute izena, eta parte hartu gura dutenek bost euro ordaindu beharko dute.

Muralismo tailerreko egitaraua

Muralismo tailerra hiru zapatu arratsaldetan egingo den arren, bi fase izango ditu: batetik, arlo teorikoa, zapatu honetan egingo dutena; eta bestea, praktikoa, hurrengo bi zapatuetan egingo dutena. Hala, izena ematen dutenak bozetoa eraikitzeko batuko dira ekainaren 5ean, 17:00etan, kultura etxean. Ekainaren 12an, 17:00etan, berriz, behin ideia pentsatuta dutela, margolana egiten hasiko dira, eta, hitzordu horretan, murala bera nola egin behar den irakatsiko diete parte hartzen dutenei, muralari forma ematen hasteaz batera. Amaitzeko, ekainaren 19an, azken ukituak egiteko batuko dira; hala, lana amaituko dute, 17:00etan elkartuta.

Murala egiteko pautak

POOK sormen laborategia elkarteko kideak izango dira muralismo tailerrean arituko diren neska-mutikoei egin beharrekoak zehazten. Gidari lanetan aritzeaz batera, halako artelanak egiteko irakaspenak ere eskainiko dizkie tailerrean batzen direnei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak