Ospakizun handiak mahai baten bueltan egin ohi dituzte urtero Leintz Gatzagako Sorginak Emakume Elkarteko kideek Emakumeen Nazioarteko Egunean. Izan ere, urtero batzen dira elkarteko kideak, elkarrekin bazkaldu eta musika jarrita dantzaldia egiteko. Aurten, baina, ez dute halakorik egingo, egoerak hala behartuta.
Agian, kontzertua
"Urte osoan ez dugu ekintzarik egiteko aukerarik izan. Azaroan San Milixan eguneko artisau azoka izaten da, eta beti izaten gara bertan taloak egiten, baina, aurten ez denez ospatu, ez gara elkartu. Horrekin batera, azpimarratzekoa da 2020ko Martxoaren 8an izan genuela azken ospakizun eguna, gero konfinamendua iritsi baitzen. Hala, gaur batuko gara taldeko zenbait kide, Emakumeen Nazioarteko Egunean zer egin erabakitzeko, eta aurrera begirakoak ere aztertzeko. Garbi dugu urteroko bazkaria eta dantzaldia ez dela egingo, baina nork bere proposamenak jarriko ditu mahai gainean, eta horietako bat kontzertu akustiko bat antolatzea izango da. Ea ateratzen den", adierazi du Garazi Orobengoak, Leintz Gatzagako Sorginak Emakume Elkarteko kideak.