Hiru Handiak prestatzeko, 'Leintzeko bostak'

Imanol Beloki Unamuno 2020ko ira. 11a, 08:00

Beñat Agirreurreta eta Asier Urizar mendian gora.

Makatzgain, Kurtzebarri, Udalatx, Orixol eta Jarindo; bost gailur horien arteko ibilbidea egin dute Beñat Agirreurreta eta Asier Urizar gatzagarrek, Hiru Handiak proba prestatzeko. Hala ere, aste honetan adierazi dute bertan behera geratu dela.

Asier Urizar eta Beñat Agirreurreta gatzagarrek Leintzeko bostak izenpean ibilbide ederra egin dute oporraldian, urriaren 17an egitekoa zen 22. Hiru Handiak mendi lasterketa probara begira entrenamendu gisa. Aspaldidanik egiteko gogoa zeukaten erronka gauzatuta, entrenatzen jarraitzen dute.

05:30ean Leintz Gatzagatik irtenda, honako zirkular hau egin zuten bi mendizaleek: Gatzaga–Makatzgain–Kurtzebarri– Urkulu–Larriño–Bedoña–Kurtzetxiki–Arrasate–Udala–Udalatx–Besaide–Tellamendi–Zabalaundi–Orixol–Kruzeta–Jarindo–Gatzaga. Guztira, zortzi ordu eta 45 minutuko mendi buelta egin zuten, 56 kilometro gauzatuta, 3.200eko desnibel positiboarekin. Hain zuzen, Leintzeko bostak izenpean batailatu dute egindako bidea.

Hiru Handiak probara begira

Hiru Handiak mendi lasterketa egin gura zuen Beñat Agirrerurretak, eta proba hori prestatzeko aspaldi egin nahi zuen Debagoienean dauden Makatzgain, Kurtzebarri, Udalatx, Orixol eta Jarindo arteko ibilbidea, entrenamendu gisa. "Gure bailaran ditugun inguruetako zenbait tontorretara igo gara; paisaiaz gozatu, eta nekatu arren, ibilbide ederra egin dugu entrenamendu gisa". Urriaren 17an zen egitekoak Hiru Handiak mendi lasterketa –Gorbeia (1.431 metro), Anboto (1.331 metro) eta Aizkorri (1.528 metro) tontorrak zeharkatzean dituen proba–, baina bertan behera geratu da aste honetan. Segurtasun plana diseinatzen aritu diren arren, 1.000 pertsona inguru batzen dira lasterketan, eta irteerarako eta anoa postuetan dago arazo nagusia. Hala, segurtasuna ezin dutenez bermatu, ez da egingo.

Urizarrek ezin bukatu

"Nirekin batera Asier Urizar etorri zen laguntza eskaintzera. Berak ez zeukan asmorik Hiru Handiak egiteko, baina bere laguntza ezinbestekoa izan da. Hala ere, Besaide inguruan orkatila bihurritu zuen, eta 30 kilometroren faltan utzi egin behar izan zuen bidea, pena handiz. Hala ere, halakoetan hobeto da zuhurtziaz jokatzea, lesio gogor bat ez sufritzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak