Bisitari kopuru handia izan da abuztuan Leintz Gatzagan

Imanol Beloki Unamuno 2020ko ira. 3a, 10:11
Gatz museoko harreragunean gatz boteak.

Iaz baino mugimendu handiagoa sumatu dute Gatz Museoko langileek herrian. Ez soilik Gatz Museoan; herrigunean, Hiruerreketan eta Dorleta Santutegian mugimendu handia izan dela adierazi dute.

Iazko datuekin alderatuz, abuztuan Gatz Museoan izan duten bisitari kopuruak gora egin duela nabarmen adierazi du Libe Ramila bertako langileak: "Gipuzkoar asko izan ditugu, eta baita debagoiendar asko ere. Barne turismoak indar handia izan du, gainera, eta hori pozteko albistea da.

"Iaz, 162 bisitari izan genituen abuztuan eta aurten, berriz, 372 izan ditugu"

"Iaz, 162 bisitari izan genituen abuztuan eta aurten, berriz, 372 izan ditugu". Azken dekretuaren arabera, bisitarien kopurua murriztu egin beharko dute; hori horrela, bederatzi pertsonako bisitak egin beharko dituzte Gatz Museoan. Hala, gaur-gaurkoz, hiru bisita ari dira egiten eguneko, asteburuetan, baina, aurrera begira, talde gehiago jartzea dela beraien asmoa adierazi du Ramilak. Gogorarazi gura izan du bisita egiteko erreserba egitea ezinbestekoa izango dela.

Gaztainuzketan iritzi ona

Gaztainuzketa mendi-etxeetan, bestalde, zapore gazi-gozoa izan dute abuztuan. Dena den, Kepa Atutxa bertako jabeak adierazi duenez, izan diren bisitariak oso pozik egon dira: "Salbuespen gabe, bisitari guztiek iritzi oso ona eman digute egonaldiari dagokionez, baina gehiago espero genituen. Zazpi etxola ditugu funtzionamenduan, eta ari gara berrikuntzak ezartzen. Zuhaitzen gainean beste hainbat egiteko genuen proiektua, aldiz, geldi dago une honetan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak