Mugikortasunean pauso berriak eman dituzte Leintz Gatzagan

Imanol Beloki Unamuno 2020ko uzt. 10a, 12:13
Gatzagako autobus geltokia eta herriko sarrera.

Uztailetik aurrera, Leintz Gatzaga-Aretxabaleta tartean autobusak martxan jarri dituzte. Horrekin batera, Gatz bidea hobetzeko aztertzekotan geratu dira Foru Aldundiko ordezkariak.

Iaz, Leintz Lotzen proiektuaren bueltan, Gurel elkartearen izenean Dorleta Elkorobarrutia gatzagarra Foru Aldundiko Mugikortasun sailekoa den Rafaela Romerorekin egon zen Gatzagako mugikortasun iraunkorra hobetzeko bi proiektu planteatzen.

"Alde batetik, Gatz Bidearen berri eman genien, honek dituen aukerak planteatu, eta Foru Aldundiari laguntza eskatu genion. Gaur egun dagoen bideak badauka-eta non hobetzerik denontzat erabilgarri egin nahi badugu, eta proiektu hau aztertu eta erantzutekotan geratu ziren. Badirudi lantzen dihardutela eta aurrerago honen inguruan erantzungo diguten hitza eman digute", adierazi du Elkorobarrutiak.

Autobusa Aretxabaletara

Beste aldetik, gaur egun dagoen autobus zerbitzua Eskoriatzatik Aretxabaletaraino luzatzeko aukera proposatu zuten. "Bigarren proposamen honetan dagoeneko Aldundiak egin ditu aldaketa batzuk. Arratsaldeetan hiru ordutegitan Aretxabaletako Nafarroa ibilbideraino joaten da autobusa". (Ikus Pesa.net).

"Hobekuntza honek ez du inolako moldaketarik suposatzen orain arteko erabiltzaileen artean, gainontzeko geltoki guztietako ordutegiak berdin berdin mantentzen baitira. Oraindik ere badago zer hobetu baina pauso txiki hau oso garrantzitsua da herritarrendako eta batez ere gazte eta nerabeendako. Eskoriatzako herri eskolan ez dago DBH egiteko aukerarik eta adin tarte horretako nerabe denak gaur egun Almen ikastola ala Kurtzebarri eskolan
dihardut, hori dela eta eskolaz kanpoko jarduerak eta lagun asko dituzte Aretxabaletan beraz, bertatik etxera bueltatzeko aukera zuzena izatea pauso garrantzitsua da beraientzat. Gainera, gatzagar guztietaz gain, orain arte eskoriatzarrek egin izan ahal duten bezala, aretxabaltarrek ere badute orain Gatzagatik Aretxabaltaraino zuzen jeisteko aukera. Uda honetan, ibilibideak, mendiak, basoak… izugarrizko protagonismoa izango du, beraz mendiz mende, bidegorri eta Gatz bidetik… nahi bezala animatu nahi ditugu herritarrak Gatzagara. Gero, bueltan, Nafarroa ibilbideraino autobusez joateko aukera izango dute-eta".

Gurel Guraso Elkartetik eskertu dute oraingo honetan Foru Aldunditik egindako aldaketa eta ziur daude aurrerantzean ikusten diren beharrei ere erantzun positiboa jasoko dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak