Bisitarien gorakada handia izan dute ekainean Gatz Museoan

Imanol Beloki Unamuno 2020ko uzt. 2a, 16:02
Eguaztenean zenbait lagun izan ziren bisita gidatuan.

Leintz Gatzagako Gatz Museoak ekaineko bisitari kopurua aztertu du, eta, iazko datuekin alderatuz, "datu esanguratsuak" eta "oso positiboak" direla adierazi dute bertako arduradunek. 

Hala adierazi du Libe Ramila Gatz Museoko langileak: "Gatz Museoko harreragunetik 220 lagun pasa dira. Gehienak bisitetara, eta beste zenbait informazio bila. Horietatik guztietatik, 143 pertsona gipuzkoarrak izan dira, eta ez da hain ohikoa izaten hori. Iaz, esaterako, 231 pertsona etorri ziren ekainean, eta aurtengo datuekin alderatuz oso ondo dago. Izan ere, aurten ez ditugu ikastetxeetako haurrak, talde handiak eta aste barruko bisitak izan. Gainera, azpimarratzekoa da bailaratik jende asko etorri dela, normalean baino gehiago, eta, beraz, oso pozik gaude".

Uztailean ordutegi aldaketa

Uztailean sartuta, museoko bisiten ordutegia aldatu egin dute. Izan ere, orain arte, asteburuetan soilik eskaini dute zerbitzua, eta uztailean, berriz, eguenetik domekara arte eskainiko dute. Hala ere, bisitak egiteko erreserba egitea derrigorrezkoa dela gogorarazi gura izan dute.

Zapatuan, tailerra

Horrekin batera, Ezkutuko Altxorrak egitasmoaren barruan, Gatz egile egun batez tailerra antolatu dute zapaturako. 10:30ean hasita, gatza egiteko prozesua ezagutuko dute bertaratzen direnek. Egurra bildu, sua eta gatza egin… Familian egiteko ikastaroa izango da. Izen-ematea derrigorrezkoa izango da; horretarako, 943 79 64 63 edo 943 71 89 telefono zenbakietara deitu edo infoturismo@debagoiena.eus helbidera idatzi beharko da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak