Solstizioari ongi-etorria emateko su ederra piztu dute Gatzagan

Imanol Beloki Unamuno 2020ko eka. 24a, 11:44

San Juan bezperako ekitaldiak izan zituzten martitzen gauean, Leintz Gatzagan. 21:00etan, San Migel plazan afaldu zuten herritarrek, hala ere, ohiko menua aldatuta, txistorra eta hirugiharra izan zuten menu moduan, urteroko sardina-jana beharrean. Bapo afaldu, eta, gero, 22:00etan, berriz, San Juan sua piztu zuten plaza erdian, eta horren bueltan batu ziren herritarrak. Hala ere, aurten ezin izan dute urtero animatzen diren herriko ausartek suaren gainetik salto egin udal ordezkariek hala erabaki baitzuten.

Ezohiko eran izan arren, San Juan bezperako ohiturei eutsi gura izan diete gatzagarrek, eta urtero moduan, solstizioari ongietorria emateko su ederra prestatu zuten martitzenean. "Aurten berezia izan da San Juan bezpera eguneko ospakizuna. Hala ere, xarma berezia du egun honek, eta ekitaldi polita izan dugu, baita giro ederra ere", adierazi du Garazi Orobengoak, Ogasun zinegotziak.

Segurtasun tarteak errespetatuz

"Afaltzeko hamar mahai jarri genituen San Migel plazaren bueltan, eta mahai bakoitzean bost pertsona izan ziren eserita. Batetik bestera, gainera, segurtasun tarte ederra utzi genuen, eta oso ondo errespetatu zituzten egunerako jarritako neurriak herritarrek. Jatekoari dagokionez, berriz, guztira, bost kilo hirugihar eta hamar kilo txistorra prestatu genituen, eta afaltzeko, 60 edo 70 lagun inguru batuko ginen gutxi gora behera. Egunaren balorazio positiboa egiten dugu, eta herritarren jarrera nabarmendu gurako genuke", adierazi du Garazi Orobengoak,  Ogasun zinegotziak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak