"Astelehenen eta martitzen arratsaldeetan, itsasoarekin lotura duten zenbait mozorro egiten aritu gara herri liburutegian, hori baita aurtengo gaia. Zenbait guraso haurrekin batera aritu gara lanean, eta egunera begira herrian zehar jartzeko apaingarriak egiteko ere aprobetxatu dugu", adierazi du Ainhoa Barandiaran herritarrak.
Bazkaria, Soran Etxean
Zapatuan, haurrentzako jolasak egiteaz batera, urteroko herri bazkaria Soran Etxean izango da, 14:30ean, eta astean zehar txartel asko saldu ez diren arren, herritarrek azken unean erosiko dituztelakoan daude antolatzaileak. Guztira, 60 pertsonako muga jarri dute, eta, txartel guztiak saldu barik, gaur, egubakoitza, izango da horretarako azken eguna.