2020. urteko irakur puntua, aurkeztutako guztiekin osatua

Imanol Beloki Unamuno 2020ko ots. 7a, 09:43

Aurtengo irakur puntua alde bietatik.

Gatzagako herri liburutegiak antolatuta, irakur puntuko marrazki lehiaketa izan da, beste urte batez. Denok elkarrekin asko hobe lelopean, atera dituzte dagoeneko zenbait irakur puntu, eta gehiago ere jarriko dituzte, herritarren eskaerari erantzunez, Labidea tabernan. Aurten, berrikuntzak izan dira lehiaketan.

Duela bi aste egin zuten 2020ko irakur puntuaren aurkezpena, eta bertan batu zirenei irakur puntuak banatu eta haurrei, berriz, liburuak banatu zizkieten. Horrekin batera, txokolate-jana izan zuten hurbildu zirenek.

Lan guztiekin bakarra egin dute

Ainhoa, Goreti, Sugar, Haritz, Ayane, Aiur, Enara, Urtats eta Maia izan dira lehiaketan parte hartu dutenak, eta aurtengo edizioaren berrikuntza irabazle bakar bat izan beharrean partehartzaile guztiak saridun bihurtzea izan dela adierazi du Gatzagako liburutegiko boluntario taldeko kide Nerea Altunak: "Aurtengo helburu nagusia lehiaketa kutsua kentzea eta parte hartzea baloratzea izan da. Bakoitzak bere alea jarrita, gauza ederrak sortu daitezkeela erakusteko asmoz. Aurkeztutako marrazki guztiak hartu, eta bakoitzetik elementu bat aukeratuta, marrazki bakarra osatu dugu. Hala, parte hartzaile guztiak irabazle geratzeko. Hala ere, aurkeztu diren marrazki guztiak ikusgai daude liburutegian".

Herritarrei deia

Eguaztenetan 17:30etik 19:00etara zabaltzen jarraitzen dute liburutegia, eta bertako boluntarioek herritarrei gogorarazi gura izan diete erabilgarri dagoen espazioa dela eta, ateak zabalik dituztenez, bertara animatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak