Maitasunaren aldeko apologia egiteko mezua helarazi du Ortzadar Gabilondok

Imanol Beloki Unamuno 2019ko abe. 17a, 11:19

Ortzadar Gabilondo gatzagarrak Maitasunaren apologia izenburupean Instagram sare sozialean zintzilakatu duen bideoa arrakasta itzela izaten ari da. Haur motxiladuna da Gabilondo, izan ere, ama kartzelan du –Alizia Saez de la Cuesta–, eta kilometro mordoa egin behar izaten ditu Inazio Gabilondo aitarekin eta 9 urteko Zura ahizparekin batera, soilik ordu eta erdi egoteko amarekin. Hala, emozioz betetako bideoan, bizipenak partekatuz, maitasunaren apologiaren aldeko mezua helarazi gura izan du.

Hatortxu Rockek 23. edizioa egingo du abenduaren 28an, beste behin, Atarrabian. Aurtengo leloa, Maitasunaren apologia da, helburua izanik urruntze eta dispertsio politikari aurre egin behar dioten euskal presoen senideei babesa erakustea, laguntzea eta gatibu daudenen eskubideak aldarrikatzea. Hala, maitasuna adierazteko eskubidea aldarrikatuko du aurten Hatortxu Rockek, eta asmo horrekin publikatu du Gabilondok  bideoa sare sozialetan, bere kasua ezagutzera eramateko. 

Egoera "jasanezina"

2001ean izan zen kartzelaratua Alizia Saez de la Cuesta, eta oraindik, hamaika urte egon beharko da gatibu. Urte horietan guztietan askotan aldatu dute kartzela batetik bestera, eta gaur egun, Castellon Centro Penitenciario 1ean dago. Inazio Gabilondo gatzagarraren moduan, beste hainbat familiak sufritzen dute egoera bera, eta zauriak odoletan jarraitzen duela adierazi du Inazio Gabilondok: "Zura eta Ortzadar kartzelan jaio ziren eta hiru urte bete zituzten arte amarekin egon ziren han. Ordutik, kartzela batetik bestera askotan aldatu dute: Avilara, Alicantera, Logroñora, Madrilera askotan, eta gaur egun, Castellonen dago. Bisitak egiteko komunikazio ezberdinak daude, eta ordutegi jakin batean, gainera. Hatortxu Rockerako egindako bideoa azken bi bisitaldietan grabatu dugu, eta alabak izan duen iniziatiba hori kontzertu batetarako sarrerak lortzeko helburuaz egin duen arren, egoera orokor baten berri emateko ere bada. Eta horren bueltan, eskertzea nahiko genuke herritarrek ematen diguten laguntza guztia. Beraiek gabe zulo ilunean geundeke zalantzarik gabe…".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak