Pertsonaia, Garikoitz Kortabitarte, Beti ezizenduna, 20 urte inguruko gaztea da. Beti lokalean sartuta egotetik datorkio, hain justu, ezizena. Oraingoan, baina, salbuespena egin eta parrandara irten da, eta tragedia bat gertatu zaio, telefonoa galdu du. Baina, zergatik da hain gogorra beretzat telefonoa galdu izana? Horren gaineko azalpenak ematen dituen bitartean, euskararekin duen harremanaren berri ematen du Betik, besteak beste.
Izan ere, Euskararen Egunaren bueltan antolatutakoa izan da gaurko emanaldia, eta baita liburutegia jendearengana hurbilarazteko egiten direnen bueltan ere. Hiruzpalau boluntario arduratzen dira Leintz Gatzagan liburutegi zerbitzuaz, eta pare bat ekintza programatzen dituzte urtean zehar; hau izan da horietako bat.
Gaurko antzezlanera 12-14 urte inguruko neska-mutikoak animatu dira batez ere, eurentzat zen bereziki emanaldia, izan da helduren bat ere, eta denak egon dira gustura ikuskizunean.