Sanmilixanak domekan, izango da zer ikusi Leintz Gatzagan

Imanol Beloki Unamuno 2019ko aza. 8a, 10:00
Iaz, Sanmilixanak ospatzera jende dezente joan zen Gatzagara.

Ohiturari jarraituz, San Milixan eguna ospatuko dute domeka honetan, Leintz Gatzagan. Aurten, baina, ez dira artisauak izango Gatzagako frontoian, baina izango da zer ikusi, zer jan eta zer egin. Izan ere, egitarau ederra prestatu dute egunerako.

Egitarauari dagokionez, 10:00etan, Eskoriatzako Kuatruena auzotik irtenda, Gatzagara oinez Gatzbidia egiteko deia egin dute antolatzaileek. 10:30ean, berriz, Arrasateko kuadrilla batek deituta, arineketan irtengo dira zenbait lagun, Arrasateko Errementari plazatik, Gatz-bidia eginaz. Hauek, 14,5 kilometroko bidea izango dute aurretik, eta asmoa da talde osoa batera joatea, erritmo motelean, eta lagunartean ondo pasatzea.

Bigarren eskuko azoka eta jateko ugari

12:00etan, berriz, Hustu Ganbara bigarren eskuko azoka izango da Gatzagan aldiro egiten duten moduan. Herritarrek erabiltzen ez dituzten arren erabilgarri dauden arropak, altzariak, jostailuak… izango dituzte salgai. 12:30etan, mokadutxo bat hartu nahi duenak ere aukera izango du horretarako. Izan ere, zenbait produktu prestatuko dituzte herriko plazan, bertan. Gutiziak dastatzeaz batera, erosteko aukera ere izango dute bertaratzen direnek: gaztainak, piper erreak, buzkantzak, txistorra… izango dira. Honekin batera, 13:00etan, Gatz-bidetik oinez eta arineketan iristen diren guztiei ongi-etorria egingo diete herriko plazan.

Amaitzeko, dantzak

San Milixan egunari amaiera emateko, aldiz, 13:30ean, Larrain Dantza egingo dute animatzen diren herritarrek, eta musikaz laguntzen, Aretxabaletako gaiteroak izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak