Autobusa Saliese-ko Gatzaren Egunera joateko, Biarnora

Imanol Beloki Unamuno 2019ko ira. 13a, 10:13
Saliese herrian, Biarnon, Gatzaren Egunean, ur-zamaketarien lasterketa.

Gatzaren jaia ari dira ospatzen eguena ezkero Saliese herrian, Biarnon, Frantzian, eta domekan emango diete amaiera festei. Hori horrela, gatzagarrak gonbidatu dituzte, eta hauek ez dute hutsik egingo.

"Iaz egin genuen senidetzea dela-eta gonbidapena jaso dugu Salieseko Gatzaren Egunera joateko. Udal ordezkariez gain, Gatz Museoko ordezkariak, herriko beste zenbait elkartetako kideak eta hainbat herritar animatu dira, eta, hori horrela, autobus bat bete jende joango gara hara", adierazi du Joannes Mendizabalek, Leintz Gatzagako Udaleko Kultura zinegotziak. 08:00etan Gatzagatik irten eta 20:00etan itzuliko den autobusa doakoa izango da, baina herri bazkarirako txartela 15 euro ordaindu beharko dute bazkaritara joan nahi dutenek.

Saliesera iristean, harrera ekitaldia jasoko dute gatzagarrek, eta gero, egunean zehar izango diren ekintzekin gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Egitarau betea

Artisau azoka, ur-zamaketarien lasterketak, herri bazkaria, karrozen desfilea, kale animazioa… izango da han, besteak beste, eta Saliese herrira egun-pasa joatera animatu nahi ditu herritarrak Udalak. "Harrera ekitaldian udal ordezkariok hartuko dugu parte, eta beste zenbait ekintzatara ere joango gara, eurek gidatuta. Edozelan ere, hara joaten diren herritarrek ederto pasatzeko aukera izango dute…".

Senidetzari jarraipena emanez

2018an, urriaren 21ean, Gatzaren Eguna ospatu zuten Gatzagan, eta bertan, besteak beste, Saliesek eta Leintz Gatzagak senidetze ekitaldia egin zuten. Hori horrela, domeka honetan Frantziako herrian izango denez Gatzaren Eguna, zenbait gatzagar han izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak