Caja Ruraleko Oier Lazkano nagusi Dorletako Ama lasterketan

Julen Iriondo 2019ko uzt. 21a, 17:07

Gatzagako mendatearen bigarren igoeran, herri irteeran, apurtu da taldetxoa, eta bost lagun geratu dira lasterketa buruan. Laster, ordea, Lazkano bera eta Baque taldeko Jon Agirre nabarmendu dira, eta tontorrera iristeko gutxi falta zela egin du aurrera gero irabazle izan denak. Bere taldekide Sergio Roman Martin izan da bigarren, eta Jon Agirre hirugarren.

Euskaldun Torneoko hamahirugarren lasterketa izan da Leintz Gatzagakoa, afizionatu mailakoa, elite eta 23 urtez azpikoena. Hasieratik izan dira ihesaldi ahaleginak, eta, azkenean, bailaran behera, Arrasate parean gauzatu da lehenengoa, lau lagunek osatu dutena, beste hainbeste taldetakoak: Telco.m-eko bat, Caja Ruraleko bat, Baqueko bat eta Eulenekoa azkena.

Arrasateko autobide sarrerako biribilgunean buelta hartu eta Aramaiora bidean jarri da lasterketa. Gesalibarren amaitu da aurrekoen ihesaldia, eta tropelak harrapatu orduko jo du aurrera Telco.m-eko Julen Amarikak; Caja Ruraleko Iñigo Altuna batu zaio honi –aurreko ihesaldiko Marc Buades eta Alfonso Pla taldekideei lekukoa hartuz, honela–, eta bide luzea egin dute elkarrekin, denbora tarte polita hartuz, gainera.

Aramaiotik berriz ere Leintz bailarara bueltan, Leintz Gatzagara iristen Altunak atzean utzi du Amarika. Tontorrean 33 segundoko aldea zegoen bien artean, eta talde askotako ordezkaritza zuen tropeltxoa bi minutu eta hogei segundora iritsi da. Hor, aurreko postuetan zihoan gerora irabazle izango zen Oier Lazkano. 

Maldan behera berriz ere egin dute bat Altunak eta Amarikak. Atzetik, hainbat tropeltxo zihoazen bata besteari segika. Lehenengo tropeltxoan, aurrean zihoan Altunaren taldekide Oier Lazkano bera ere gogotik erreleboetan sartzen, eta Arrasateko autobide sarrerako biribilgunera iristerako harrapatu dituzte aurrekoak, 45 kilometro ihesean eman eta gero.

Handik eta berriro Gatzagako mendatea igotzen hasi arte hainbat talde txandakatu dira tropelaren buruan. Gatzagan gora Laboral Kutxako mutilak izan dira erritmoa jarri dutenak, gogor, eta herri irteeran ikusi da taldeko ze txirrindularirentzat ari ziren: Iker Ballarin geratu da buruan, eta atzetik jarraitu dio Oier Lazkanok. Bikoari batu zaizkie laster Sergio Roman Martin, Jon Agirre eta Victor Etxeberria, Telco.m-ekoa.

Ballarinek ezin izan du taldean segi, eta Lazkanok eta Agirrek, berriz, aurrera egin dute. Gatzagako tontorrera iristear aldatu dio erritmoa Caja Ruralekoak Baquekoari, eta hamaika segundo atera dizkio goian. Nahikoa izan da maldan behera eta Leintz Gatzagarako azken igoera zatian buruari eusteko.

Atzean, Martinek eta Etxeberriak harrapatu egin dute Agirre. Besteen babesean joan da Martin, harik eta maldan gora aurrera egiteko garaia zela erabaki duenera arte; bera sartu da bigarren helmugan, hamar segundora, eta Agirre hirugarren, 15era. Euskaldun Torneoko liderra, Victor Etxeberria, laugarren izan da, eta lidertzari eutsi dio, horrenbestez. 

Denboraldiko seigarren garaipena izan du Leintz Gatzagakoa Caja Ruraleko 19 urteko gasteiztarrak. Beretzat izan da mendiko saria ere, eta bere taldearentzat taldekakoa. Tarteko helmugen sailkapen orokorra Julen Amarika bizkaitarrarentzat izan da. Sailkapen osoa, hemen.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak