Mathieu Hermans-ek eta Jan Janssen-ek sinatutako maillotak, Dorletan

Imanol Beloki Unamuno 2019ko uzt. 2a, 12:37

Dorletako santutegiak herritarren eta bisitarien miresmena sortzen du; bereziki, txirrindulari-zaleena. Dorletako Ama horien zaindaria da 1958az geroztik, eta XII. mendekoa da santutegian dagoen ama birjinaren irudia. Horiek ikusten izan ziren Rens Klaasse, Ans Van Homelen eta Jost Van Homelen herbeheretarrak pasa den zapatuan. Hainbat opari eraman zituzten bertara, eta Eugenio Otsoak eta Joxerra Agirreurretak egin zieten harrera bisitariei.

Alde batetik, Rens Klaasse Ciclelive aldizkariko erredaktoreak bi ale eraman zizkien gatzagarrei. Ale horretan, Dorletako Ama birjinaren eta Santutegiaren bueltan iaz egindako erreportajea agertzen da. Bestetik, Mathieu Hermans eta Jan Jenssen txirrindulari ohien bina argazki eta maillot eraman zituzten, haien sinadurekin. Honekin batera, Hermansi buruz idatzi den liburua, Tegen de Stroom in, utzi zuten bertan, beste oroigarriekin batera.

Txirrindulari handiak 

"Jenssen eta Hermans txirrindulari ohien maillot sinatuak hemen izatea ohore bat da guretzat. Herbeheretatik etorri dira, gainera, bisitan, eta ahal izan dugun harrera beroena egin diegu. Guk, trukean, ama birjinaren estatuatxoak eman genizkien guztientzat. Batetik, bisitarientzat, eta, bestetik, Hermansentzat eta Jenssenentzat. Oso gustura geratu gara bisita honekin", adierazi du Eugenio Otsoak. Jenssenek Frantziako Tourra irabazi zuen, 1968an, eta Espainiako Vuelta, 1967an, eta Hermansek, berriz, 1988an Frantziako Tourreko etapa bat irabazi zuen, beste lorpen batzuez gain.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak