"Tristea da, baina horrela da. Azkenera arte isilean gorde nahi izan dugu kontua, beste alderdiren batek tentaziorik ez izateko aurkezteko, baina errealitatea horixe da: inork ez du herriaren alde Udalean lan egin gura". Juanito Bengoa alkatearen berbak dira.
Atzo, martitzena, zen Udal hauteskundeetarako zerrendak aurkezteko azken eguna eta gaur argitaratu dira lurraldeetako buletin ofizialetan. Ustekabea Leintz Gatzagan gertatu da. Lehen aldiz geratzen da. Izan ere, Udal hauteskunde batzuetan PPk ere aurkeztu izan du zerrenda Leintz Gatzagan; oraingoan, bat bera ere ez da aurkeztu.
Leintz Gatzagan herritarrez osatutako zerrendak gobernatu izan du Udala orain arte. Orain, ordea, ezagutu bako egoera bati aurre egin behar izan beharko diote gatzagarrek. Horrelaxe azaltzen du alkateak: "Sei hilabeteko epean berriz ere deituko dira Udal hauteskundeak Leintz Gatzagan eta prozesua errepikatuko da. Inork zerrendarik aurkeztuko ez balu, Foru Aldundiak gestora bat izendatuko luke Udala gobernatzeko".
Bengoak dio azkeneko urteetan zailtasunak izan dituztela bost laguneko zerrenda osatzeko jendea topatzeko eta azken unera arte ez dutela lortu zerrenda betetzea. “Oraingoan ere norbaitek pentsatuko zuen berriro aurkeztuko ginela, baina nekatuta gaude eta honaino heldu garela esan nahi izan dugu".