"Hainbat urtetan bertso-afaria antolatu izan ohi dugu Korrikaren bueltan, baina aurten, kantu-afariaren aldeko apustua egitea erabaki dugu. Izan ere, Nafarroa Kanta taldekoak herriko jaietan izan genituen, eta, bertan izandako arrakasta ikusita, berriz ekartzea pentsatu dugu. Horrekin batera, Korrika Gatzagatik pasako denerako prest ditugu suziriak, eta beste hainbat ekintza ere izango ditugu eguna iritsi aurretik, motorrak berotzen joateko…", adierazi du Joannes Mendizabalek, Kultura zinegotziak.
'Dantza' pelikularen proiekzioa
Apirilaren 6an, Dantza pelikularen emanaldia izango da Gatzagako elizan, 19:30etan. Euskal dantza tradizionalak ikuspuntu berritzailetik, doinu, estetika eta koreografia berriekin islatutako filma Telmo Esnalek zuzendu eta Txintxua Films-ek ekoitzi du. Hori horrela, Telmo Esnal bera eta Marian Fernandez ekoizlea bertan izango dira hainbat azalpen ematen.
Zapatuko kantu-afaria eta apirilaren 6ko Dantza filmaren proiekzioa, Korrikako materiala salgai jartzeko ere aprobetxatuko dute.
Korrika Txikia, apirilaren 12an
Korrika apirilaren 14an pasako da Gatzagatik, 05:30 aldera; edozelan ere, aurreko egunerako, Korrika Txikia antolatu dute –apirilaren 12a–, eta 18:00etan hasiko da.