Eratu da Gatzagako Korrika Batzordea, eta hasi dira dagoeneko prestaketa lanekin. Urtarrilaren 16an batu ziren Gatzagako elkarte eta eragile ezberdinetako hainbat herritar, eta hainbat gai izan zituzten hizpide Korrika pasako den egunerako eta ordura arte bitartean egingo dituzten ekintzak prestatzeko.
06:00 bueltan iritsiko da Korrika Gatzagara, apirilaren 14an, domekan, eta, egunari begira, ahalik eta herritar gehien batu nahi ditu Korrika Batzordeak. Horretarako lehenengo bileran, orain arteko Korrika edizioetan egin direnak aztertu, eta egin nahi direnen ideia ezberdinak batu zituzten, besteak beste.
Zein egoera ekonomikoz abiatzen diren, eragile ezberdinei laguntza eskaera egiteaz, zereginen banaketaz, Korrika laguntzailea izateko egin beharrekoak azaltzeaz, arropa salmentaz, Korrikaren bueltan arlo kulturalean egin nahi diren ekintzez, Korrika Txikiaz… horrelakoez jardun zuten lehen bileran.
Oraindik aurreratzeko askorik ez duten arren, lanean hasi direla adierazi du Jon Zuazok, Korrika Batzordeko kideak: "Orain arte egin ditugunen errepasoa egin genuen. Batzuek funtzionatu izan dute, mantendu egingo ditugu. Hala ere, ekintza berrien aldeko apustua ere egingo dugu. Horretarako, herritarren parte-hartzea ezinbestekoa izango da; beraz, bigarren batzorderako dei egiten diegu herriko elkarte, eragile eta norbanakoei".
Gaur, Labidean
Leintz Gatzagako Korrika Batzordea gaur batuko da, Labidean, arratsaldeko zazpietan, eta bilera irekia izango da.