Nafarroari buruzko zikloari hasiera emateko, dokumentala

Imanol Beloki Unamuno 2019ko urt. 24a, 15:55
Dokumentaleko fotograma bat. Bipolar Creacion Audiovisual

Nafarroari buruzko zikloa antolatu dute Leintz Gatzagan, eta, egitasmoari hasiera emateko, urtarrilaren 28an, astelehenean, Atxorrotxeko gaztelua. Denboraren talaiatik dokumentala proiektatuko dute, Herri Liburutegian, 19:00etan.

Nabarralde fundazioak eta Hernani Errotzen elkarteak Atxorrotxeko eremua abiapuntutzat hartuz erabakigarria izan zen pasarte historiko bat berreskuratzeko asmoz egindako dokumentala da Atxorrotxeko gaztelua. Denboraren talaiatik. Hori horrela, Atxorrotxeko gazteluaren ingurua leku estrategikoa zela eta Nafarroako erresumaren baitan zuen garrantzia azpimarratu dute lan horretan. Dokumentalaren helburua da 1200eko gaztelarren konkistaren aurreko Gipuzkoaren eraketa azaltzea.

 Horretarako, Jose Luis Orella –Erdi Aroko Historian katedraduna–, Iñaki Sagredo –historialari eta arkeologoa eta Atxorrotxeko indusketak koordinatzen aritu dena– eta Beñi Agirre –historialaria– elkarrizketatu dituzte, besteak beste.

Ikus-entzunezkoa proiektatzeaz batera, lanaren egile eta protagonistetako bat, Beñi Agirre historialaria, bertan izango da, bertaratzen direnen galderak erantzuteko eta lanaren nondiknorakoak azaltzeko.

Zikloaren bigarren saioa

Nafarroari buruzko zikloari jarraipena emateko, otsailaren 11rako beste saio bat antolatu dute. 19:00etan, Martin Ttipia elkartekoek hitzaldia emango dute Herri Liburutegian, Nafarroa euskal estatua. Baina… zer dela-eta, Erdi Aroko kontu bat 2019an? izenburupean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak