Auzolanean, oinezkoentzat bide seguruago bat egin dute gatzagarrek

Xabi Gorostidi 2019ko urt. 5a, 16:54

Kolorezko laurogei hesola jarri dituzte Gatz bidean, Gaztanaduiko zubia pasatu eta berehala. Oinezkoak errepidetik pasa behar izaten ziren zati horretan, baina bertako belardiaren jabeak zelai zati bat utzi du, oinezkoak seguruago pasa daitezen. Kuadrillek, enpresek edo norbanakoek hesolak pertsonalizatu ditzake bost euroren truke, eta batutako diru auzolan berriak egiteko erabiliko dute. 

09:00etan egin dute auzolanerako hitzordua Gatzagako plazan, eta 20 lagun inguru batu dira bertan. Autoetan beharrezko lan-tresnak sartu, eta jo eta su aritu dira hesolak eta metalezko hesia jartzen. Zelaia izoztuta zegoen, eta tenperaturak zero graduren bueltan, baina gatzagar bat baino gehiago manga motzean aritu da bero-bero lanean.

Ez dituzte edonolako hesolak jarri. Abenduaren 23an Arrasateko, Aretxabaletako, Eskoriatzako eta Gatzagako lagunak aritu ziren hauek margotzen, norberaren herria ordezkatzen duten koloreekin. Guztira laurogei izan dira, eta orain hauek babesteko eta pertsonalizatzeko aukera emango dute. Bost euroren truke, enpresek, kuadrillek edo norbanakoek hesola bat margotu ahalko dute, eta batutako dirua aurrerantzean egingo dituzten auzolanak finantzatzeko bideratuko dute. "Aurrerago emango ditugu argibideak, hesolak erosi nahi dutenek zer pauso eman behar duten jakiteko. Batzen dugun dirua primeran etorriko zaigu, oraindik auzolan asko geratzen zaizkigulako egiteko" azaldu du Garazi Orobengoa gatzagarrak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak