Egungo ziklismoari buruzko hausnarketa egin dute Zubeldiak, Velascok eta Bizkarrak

Mireia Bikuña 2018ko abe. 1a, 16:19

'Euskal txirrindularitza' delako mahai-inguruaren bueltan elkartu dira hiru txirrindulariak, Dorletako Ama txirrindulari taldeak gonbidatuta. Aurretik, Dorletan dagoen erakusketa bisitatu dute.

Euskadi Murias taldeko Mikel Bizkarrak, eta Trek eta Euskaltel Euskadi taldeetako kide izandako Haimar Zubeldiak eta Ivan Velascok ikusmina piztu dute, eta herritarrek lepo bete dute Leintz Gatzagako kultura etxea. Dorletako Ama txirrindulari taldeko kideek gidatu dute mahai-ingurua. Hiru ziklistak aurkeztu ostean, galderen tartea hasi da. Euren ibilbideko unerik garrantzitsuenaz, egun duten jardueraz, egungo txirrindularitzak duen egoeraz, euskal ziklista gazteen etorkizunaz eta hiru asteko proba nagusietaz egin dute berba, besteak beste.

Gazteei aholkuak ere eman dizkiete. Bereziki, ilusioa ez galtzeko aholkatu diete. "Hasi, asko hasten dira bizikleta gainean, baina gutxi batzuk helduko dira profesional mundura. Bide horretan, ez dezatela ilusioa eta lan egiteko gogoa galdu", esan du Zubeldiak. Eta, Euskadi Murias eta Euskadi Fundazioa ipini ditu etorkizunerako adibide moduan.

Elikadurari buruz

Antolatzaileen galdera sortaren ostean, mahai-inguruan egon diren herritarrek izan dute galdetzeko aukera. Eta horietako batek elikaduraren gaia atera du. Ziklistek jateko orduan dituzten murrizketak zenbaterainokoak diren galdetu die. "Nik, egia esan, ez dut goserik pasatzen. Entrenamenduetan eta lasterketatan asko erretzen dugu, eta hortaz, asko jan behar dugu. Txirrindulari gazteak ezin dira elikadurarekin obsesionatu. Zoratu egingo dira bestela", esan du Mikel Bizkarrak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak