Zapatuan 16:30ean aterako da martxa Gatzagatik, Aretxabaletaraino. Gatz bidie izenaz bataiatu duten ibilbidea egingo dute Eskoriatzaraino, bertan trenbidearekin bat eginda, Aretxabaletarako bidea hartzeko.
Bailara lotzeko aldarrikapena
Debagoieneko bidezidorren jaialdian ezin du hutsik egin bailara lotzea lortuko duen bideak. "Betidanik egon da bide hau gatzagarren eta inguruko auzotarren bizimoduari lotuta, eta, azken urteotan, lurzoruen erabilpena alde batera uztearekin batera, egunerokotasunean presentzia galduaz joan da, lokaztu egin da… baina horrelako altxor bat ezin genezake ahaztu, ezinbesteko da gatzagarren mugikortasun iraunkorrerako eta bailara lotzeko". Horrela adierazten digute ekimeneko kideek..
Ekimenaren leloa den 'Leintz lotzen'-en garrantzia
"Zalantzarik gabe, bailarako muturrean dagoen Gatzaga herriarentzat ezinbesteko da mugikortasun praktiko bat izateko, herri txikien etorkizunerako beharrezko den mugikortasuna, baina Gatz Bidie askoz gehiago da, bailara osorako onura da: Bailara lotuko du, bailararen bizkarrezurra izango da, naturara hurbilduz, txikiak zein handiagoak bat eginez, herriak batuz eta bailararen nortasuna finkatuz. Nola litzake posible, Leintz Bailara izena eukita, mugikortasun eta lotura plangintza batean, Leintz Gatzaga bailaratik at uztea?", adierazi dute ekimeneko antolatzaileek.
Aurrekariak dituen egitasmoa
Lau kilometro eta 300 metroko tartea konpondu eta txukuntzea eskatuko dute. Gatzaga Kuatruenarekin eta, modu horretan, bailararekin lotzeko. Bidea ezagutzeko, zapatuko ibilaldian parte hartzeko gonbidapena egiten diete antolatzaileek bailarako herritarrei. Lineako autobusa 15:50ean irteten da Eskoriatzatik Gatzagarantz.