Arkamuneko mugan postontzia jarriko dute auzolanean

Imanol Beloki Unamuno 2018ko mar. 23a, 11:08

Arkamuko monolitoa. Mendikat

Leintz Gatzagako, Burgeluko eta Barrundiako (Araba) herrietako Udalek elkarlanean egitasmo bat jarri dute martxan, lautadako mendi zaletasunaren eta kulturaren inguruko jardunaldiak izenekoa.

Egitasmoaren funtsa da, herrien arteko harremana sustatzea, eta horretarako, herriek muga egiten duten Arkamuko puntuan monolito bat –Barrundiako kiroldegiaren erreplika postontzi eran, eta eguzki-lorea– jarriko dute giza kate eran.

Domiñagatik gora, bi kilometro inguru egin, eta Hiruerreketa baino goratxoago dagoen puntua da Arkamu, eta horrek Barrundiarekin muga egiten du. Pasa den astean hasi ziren jardunaldiak, eta zapatuan, Barrundian, hainbat ekintza egin bazituzten ere, domekan, gatzagarrekin batera, egitekoak ziren postontzia jartzeko auzolana atzeratzea erabaki zuten eguraldi txarra zela-eta. Hala adierazi du Juanito Bengoak, Leintz Gatzagako Mendi zinegotziak: "Barrundiako Udalak jarritako monolito bat badago dagoeneko Arkamunen, baina iazko udaberritik hona, eurekin harremanetan gaude, gure lurrek muga egiten dutelako; hala, han beste monolito bat jartzeko ideia izan genuen. Pasa den domekan egitekoak ginen hori, baina maiatz ingurura aldatzea erabaki dugu."

Monolitoa jartzeko ekimena

Monolitoa jartzen den egunean, gatzagarrak autoz joango dira Domiñagaraino, eta handik gora, oinez, txistulariekin. Barrundiakoak, berriz, Marietatik gora igoko dira. Autoz igoko dute monolitoa, eta gero, giza katea eginda, eskuz-eskuz pasatuta igoko dute mugaraino.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak