"Iaz baino aurrekontu baxuagoa dugu; hala ere, bagoaz pixkanaka aurrera. Iaz inbertsio handia izan genuen, parkingaren bukaera zela eta… aurten ere baditugu inbertsio nagusi batzuk finkatuta", adierazi du Eneka Zankadak, Leintz Gatzagako alkateak.
Inbertsio nagusiak
Inbertsioetarako, 49.000 euro bideratuko dituzte, eta Eneka Zankada alkateak adierazi du, orokorrean, gatz fabrikarako erabiliko dutela dirua: "Gatz fabrika martxan jartzea da gure asmoa. Gurpilaren eguneroko lanak egiteko diru bat jarriko dugu; izan ere, egurrezkoa da, eta konponketa batzuk behar ditu. Gatz fabrikarako lehenengo fasea egiteko obra zibila ere onartu dugu, balioaniztun gela egiteko. Ramel enpresa arduratuko da lan hauek egiteaz. Proiektu honen bigarren fasean, aldiz, orain dugun denda eta turismo bulegoa Santa Columba ermitara bideratuko dugu. Lan hauek aurrera joateko diru laguntzak eskatuko ditugu…".
Inbertsio nagusiak horiek izango dira, eta, inbertsio txikiagoetan zentratuz, herria eguneratzeko hainbat lan ere egingo dituzte. Esaterako: herriko iturriko konponketa egitea eta autobus geltokia egokitzea espaloian lanak eginda, besteak beste.