Abenduaren 27an irteera egin zuten nagusienek, Gasteizera, katedrala ikustera, eta ondoren, bazkaldu ostean, zinemara joan ziren. Txikienak, berriz, herrian geratu ziren, eta Inuzente egunean askotariko jokoak eta panpinak egiteko tailerrak izan zituzten.
Ludotekan lo gutxi
Hamazortzi gaztetxo batu ziren eguaztenean ludotekan gaua pasatzeko asmoz. Lehenengo, gurasoek prestatutako afaria izan zuten elkartean, eta 21:00etan, Amaia Elizagoienen ipuin kontaketa musikatua.
Hain zuzen ere, hamasei geratu ziren lotarako, eta ordenagailuan musika jarrita dantzan aritu ziren. Honela adierazi du Asier Urizar begiraleak: "Oso ondo pasatu dugu, baina lo askorik ez dugu egin, egia esan. Eguenean jaiki eta joko batzuk egin ostean amaitu dugu ekintza".