"15 urte baino gehiago izango dira liburutegia itxi zela, eta guraso elkarteko batek berrantolaketa lana egin zuen. Orain, herritarrek erabiltzen ez dituzten eta egoera onean dauden liburuak batu, eta hark egindako lanari jarraipena eman nahi diogu", adierazi du Saioa Urrutiak.
Abenduaren 26ko irekieraren ostean, astelehenetan 17:30etik 19:00etara egongo da zabalik liburutegia, eta boluntario arituko dira liburuzainak. Martitzenetik egubakoitzera, berriz, mailegutza moduan funtzionatuko du, eta ez da liburuzainik egongo.
Irekiera egunean, bi kontaketa
Liburutegiaren irekiera egunean, bi ipuin kontaketa egongo dira: bata, umeentzat izango da, Maider Alzelairen eskutik. 17:00etan, Bazan behin herritxo batian… kontakizuna egingo du. Ondoren, 19:00etan, helduentzako kontakizuna izango da, Muxutruk izenekoa, eta Dorleta Kortazarrek eskainiko du. Bi emanaldien artean, 18:00etan, txokolate beroa eta bizkotxoa egongo da.
'Bularretik mintzora' ekimena
Liburutegiaren irekieraz gain, Bularretik mintzora programa jarriko dute martxan eskolan. "Astero, ume batek motxila bat eramango du etxera, liburutegian liburu bat hartu ondoren, eta, astetik astera, motxila ume batetik bestera pasako da. Hala, euskara bultzatu eta mailegutza funtzionamendua ikasteko", adierazi du Eider Encina irakasleak.