Domekan sanmilixanak ospatuko dituzte Leintz Gatzagan. Herritarrentzat jai kutuna eta euren egutegian ondo azpimarratutako hitzordua da. Aurten, gainera, 25. Eskulangintza Azoka izango da bertan.
Hiru gunetan banatutako jaia
Hiru gune ezberdinetan banatu dute jaia, eta hauxe egongo da ikusgai: frontoian, 10:00etatik 14:30era, artisauen azoka, jolaserako armiarma saltaria egiteko tailerrak –30 minutuko txandak– eta sorginek egindako taloak.
Plazan, berriz, 10:00etan, plazatik abiatuta, mendi ibilaldia egingo dute Artabilako Triku harrietara. 10:00etatik aurrera, perretxiko erakusketa egingo dute Koldotxo guraso elkartekoek. Mikologia Jardunaldiak egitekoak ziren Eskoriatzan, duela hiru aste, baina egunez aldatzea erabaki zuten, perretxiko faltagatik. Hala, Gatzagara eraman dute ekimena. 11:00etatik 13:30era, aldiz, umeendako talo tailerra egingo dute, eta 11:00etatik aurrera, Sagarra Jo! sagardoaren prozesuaren erakustaldia egingo dute.
Hirugarren gunea Gatz Museoa izango da, eta hiru bisita gidatu egingo dituzte han: 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan.
Hamalau artisau postu
Bailaratik eta Euskal Herri osoko hainbat lekutatik etorriko dira artisauak eskulangintza azokara postuak jartzera. Irundik, Atxondotik, Zarauztik, Errenteriatik, Etxarri Aranaztik… Eta produktu hauekin izango dira: ehungintza, bitxiak eta artilezko apaingarriak, zurezko jostailuak, apaingarri eta osagarriak, zilarra, harriak, ilustrazioa eta osagarriak, arropa, larrugintza, artilea, otzaragintza eta bitxien hiru postu.
Doako autobusa
Doako autobus zerbitzua izango da Eskoriatzatik Leintz Gatzagara igotzeko eta jaisteko goiz osoan zehar. Aingeru Guardatik 09:30etik aurrera abiatuta, 14:30era bitartean, 30 minutuan behin egongo da aukera horretarako. Sanmilixanetarako antolatu dituzten ekintza guztiak amaitu aurretik, 14:15ean, azken autobusa egongo da Gatzagatik Eskoriatzara joateko.