Goizean, salda hartzeko batu ziren, elkartean, egunerako batu ziren 26 erretiratu gatzagarrak, eta, bide batez, bi bideo eskaini zizkieten, hainbat tokitan gatza nola produzitzen den ikusteko. Honela adierazi du Juanito Bengoak, mendi saileko zinegotziak: "Remolinosko (Zaragoza)– gatz meatzean nola egiten duten lan erakusten zuen bideo bat ikusi genuen lehenbizi. Ondoren, Fuerteventurako itsaso bazterretan gatza nola ateratzen duten ikusi genuen, eta gero, gure herrikoa nola produzitzen den ezagutzera joan ginen Gatz Museora, kanpokoaren eta gurearen arteko kontrastea ikusteko. Egunerako batu ginenen artean, askok ez zeukaten ikusita Gatz Museoa, eta esperientzia ederra izan zela adierazi zuten. Bisita amaitzeko, talde argazkia atera genuen Gatz Museoaren kanpoaldean…".
Bisitaren ostean, bazkari ederra
Gatz Museoa bisitatu ostean, herrira bueltatu, eta berriro ere joan ziren elkartera. Bertan, Eusebio Villar gatzagarrak prestatutako bazkariaz gozatu ahal izan zuten.
"Eusebio Villar ere erretiratuta dago, baina hura egon zen prest bazkaria prestatzeko. Hain zuzen ere, urdaiazpikoa, kroketak eta onddo-nahaskia izan genituen pikatzeko; gero, mingaina saltsan jan genuen; eta, amaitzeko, Leintz Gatzagan oso ezaguna den Eusebioren flana".