Gazkinei omenaldi gozoa Gatzaren Egunean

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2017ko urr. 22a, 17:30

Garai bateko gatz lantegiko langileek eta garraiolariek gustura asko hartu dute Udalak egin dieten omenaldia. Gatzaren lantegiari buruzko bideo bat egiten hasi da Udala eta lan horren aurrerapena eskaini diete omenduei eta ondoren, gatzarekin egindako hainbat produktuekin osatutako poltsatxo bana jaso dute opari. Ekitaldi horrez gainera, Jakoba Errekondorekin mendi ibilaldia egin dute goizean, Gatz Museoan bisita gidatuak ere bai eta baita bertako produktuekin osatutako azoka ere.

Eguraldiak askorik laguntzen ez zuen arren, jende asko hurbildu da gaur Gatzagara: mendi ibilaldian parte hartu dute batzuk, Eugenio Otxoaren eskutik Gatz Museoa bertatik bertara ezagutzeko aukera aprobetxatu dute beste hainbat bisitarik, eta azokako postuetan erosketa batzuk egiteko eta han prestatutako pintxoak dastatzeko beste askok.

Omenduak eskertuta

"Ez genuen espero omenaldia; oso polita izan da", diote omenduek ekitaldiagatik eskerrak emanez. Garai bateko gatz lantegian jardun zuten hemezortzi lagun gonbidatu dituzte ekitaldira; horien artean zeuden gatz paketatzaile lanetan ibilitakoak, gerentea, bulegoko langilea, mantentze-lanetakoa, garraio lanetan jardun zutenak...  Orokorrean, gatz lantegiko garaietako oroitzapen politak dituztela zioten guztiek eta Leintz Gatzagan egiten zen gatza, berezia zela ere azpimarratu dute: "Oso giro ona genuen gure artean; lana egiten genuen, baina, gustura. Bertako gatzak oso fama ona zuen, elikagai lantegi askok bertakoa erabiltzen zuten euren elikagaiak egiteko onena zela esaten ziguten". Zoritxarrez baina, Juan Antonio Corral lantegiko gerenteak lantegiari buruz egiten ari diren bideoan azaltzen duen moduan, lantegia itxi egin behar zuten ez baitzen errentagarria, kanpotik -Espainia hegoaldetik, bereziki– ekarritakoarekin alderatuz.

Honako horiei izan dira gaur omenaldia jaso dutenak:

  • Juan Antonio Corral (gerentea).
  • Jesus Martinez Goñi (bulegoko langilea)
  • Bitoriano Zubilaga Zubizarreta (mantentze-lanetakoa)
  • Jose Zubilaga Unzueta (gurdizaina)
  • Jesusa Elejalde Elkorobarrutia (gatz-paketatzailea)
  • Eugeni Kerejeta Lasa (gatz-paketatzailea)
  • Marcelina Aranburuzabala (gatz-paketatzailea)
  • Rosario Arana Urreta (gatz-paketatzailea)
  • Maria Angeles Arana Urreta (gatz-paketatzailea)
  • Maria Jesus Arana Urreta (gatz-paketatzailea)
  • Carmen Gabilondo (gatz-paketatzailea)
  • Mila Beitia (gatz-paketatzailea)
  • Tere Gutierrez Martinez (gatz-paketatzailea)
  • Juana Uribe (gatz-paketatzailea)
  • Teodoro Plazaola Uribetxebarria (makinen kontrola eta zainketa)
  • Ignacio Diaz de Mendivil (errota eta turbinen mantentze-lanak)
  • Antonio Gruzeta Axpe (garraiolaria)
  • Jose Luis Zubia (garraiolaria)
Erlazionatuak

Gatzaren Eguna ospatu dute gaur, domeka

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2017 urr 22 Leintz Gatzaga

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak