Gatzaren Eguna herrian duten gatzaren kultura zabaltzeko asmoz antolatu dute, hala, herriari nortasuna ematen dion kultura sustatuz. 11:00etan, 12:00etan, eta 13:00etan Gatz Museora bisitak egingo dira. 10:30ean, mendi ibilaldi gidatua egingo dute. Jakoba Errekondo izango da bertan, gatzaren paisaia kulturala azaltzen, gidatzen, eta irteera plazatik izango da.
11:00etan, berriz, gatz-xaboiak egiteko tailerra izango da museoan, eta aurrez eman beharko da izena, 943 79 64 63 telefonora deituta edo turismo@debagoiena. eus helbidean. 12:00etan, gatz mota ezberdinen dastaketa egingo da saiheski-pintxo ekologikoekin. Ondoren, 12:30ean, umeentzat zuzendutako tailerrak egingo dira, gatza erabiliz, eta, horrekin batera, trikitilariek herria girotuko dute.
Gazkinei aitortza
14:00 aldera, Leintz Gatzagako gazkinei omenaldia egingo diete. Hala, urteetan gatzaren produkzioan postu ezberdinetan izandako langileek bideo proiekzio batekin, bertsoekin, opariekin eta aurreskuarekin jasoko dute aitortza.
Amaitzeko, azokan lanean aritu direnek bazkaria egingo dute frontoian, 14:30ean.