Ehiza denboraldia hasi berri da, eta, hirugarren enkanterako proposamenak aurkezteko epea amaituta, laugarren enkante bat ere ireki berri dute; izan ere, postu batzuk oraindik esleitu barik geratu dira. Hala ere, oso postu gutxi geratu dira banatu gabe, eta udalbatzako kideek adierazi dute albiste "oso ona" dela.
Kataluniari elkartasuna
Kataluniari elkartasuna adierazteko mozio proposamena ere onartu dute udalbatzako kideek. Hiru puntutan banatuta adierazi dute mozioa:
1. Autodeterminazio eskubidea herri guztiei dagokien oinarrizko eta ezinbesteko eskubidea denez, Kataluniari bere etorkizuna erabakitzeko eskubide hori dagokiola aitortzea.
2. Kataluniako erreferendumarekin elkartasuna publikoki adieraztea.
3. Herriko Plazako mastan Kataluniako ikurra jartzea.
Azken puntua moldatu, eta udaletxe ondoko parkean estelada jartzea erabaki dute; martitzenera arte egongo da.
Gatz Museoa zabaldu
Gatz Museoa Euskadiko Enogastronomia Museo eta Guneen Sarea Elkartera atxikitzeko erabakia ere onartu dute. "Azkenaldian, buru-belarri ari gara museoarekin, eta Euskadiko Enogastronomia Museo eta Guneen Sarea Elkartearen parte bagara, onerako izango da; hedapen handiagoa emango diogu modu horretan…", adierazi du Eneka Zankadak, Gatzagako alkateak.