Irailaren 8an, 14:30ean, bazkaria egingo da frontoian, eta nork bere jana eraman beharko du. Egun berean, gainera, ohiturari jarraituz, Otxandioko bisitariak izango dituzte goizetik, eta hauek ere batuko zaizkie bazkarira. Joannes Mendizabal Leintz Gatzagako Kultura zinegotziaren esanetan: "Bazkaria lanegunean izango da, egubakoitzean, eta herrikoak zein Otxandiotik etorritakoak izango gara bazkaltzen. Iaz, esate baterako, paellak prestatu genituen, eta aurten ere asmo bera daukagu; edozelan ere, deialdia egin arren, ez dakigu jende asko animatuko den".
Auzolanean egindakoa
Zapatuan, irailaren 9an, berriz, herri afaria izango dute gatzagarrek, eta auzolanean egiten duten hitzordu garrantzitsua izan ohi da. "Sorginak taldekoek egindako entsaladak, parrilan saiheskia eta txuletilak, Eusebiok egindako postrea, flana eta izozkia izango dena… izango dugu", adierazi du Mendizabalek.
Hala, 180 pertsonarentzako afaria egitea kalkulatu dute, eta txartelak Labidean daude salgai; helduentzat hamabost eurotan eta umeentzat bost eurotan. "Batez ere, gatzagarrak egongo gara herri afarian, baina bailarako herriko jendea ere urtero izaten dugu. Hala, beste herrietakoei ere gonbidapena egin nahi diegu, bertaratu daitezen, afari ederra izango delako, eta giro onean jan ostean dantzaldira animatu daitezen".
Sorpresaz beteriko jolasak
Iaz, lehen aldiz antolatu zituzten kintoen arteko jolasak Leintz Gatzagako Andramari jaietan. Herri txikia izanda, kintadaka baino gehiago, hamarkadaka ezberdinetako herritarrek hartu zuten parte: patatak zuritzen, sokatiran eta txupitoak edaten, besteak beste. Izandako arrakastaren ostean, aurten ere antolatu dituzte, eta zapatuan, irailaren 9an, 18:00etan izango dira.
Gatza City Crew gazte taldeko bi kide arduratu dira, batez ere, jokoen prestakizun lanez, eta aurten egingo den bigarren edizioan sorpresa ugari izango direla adierazi dute. Pike sanoa bultzatu gura dute, primeran pasatzea eta, bide batez, barre batzuk egitea. Hala, alde batetik, herritarrei bertaratzeko dei egin nahi diete, eta, bestetik, Debagoieneko jendeari ere gonbidapena egin, jokoak ikustera anima daitezen.