Egubakoitzean, irailaren 8an, 22:00etan hasita, rock kontzertuak izango dira; Gatza City Crew gazte taldekoek antolatu dituzte. Zapatuan, irailaren 9an, bestalde, Akerbeltz erromeria taldea izango da, 23:00etan, eta euskal musika errepertorio zabala eskainiko du. Estilo ugari: ska, punka, rocka eta euskal folklorea; eta kontzertu dantzagarria eskainiko dute, lau orduko iraupena izango duena, tarteko atsedenaldiarekin.
Ibilbide luzeko banda
Azkenengo egunean, irailaren 10ean, domekan, ere izango da musika. Izan ere, 13:30ean, Arrasate Musikaleko Big Band taldeak errepertorio zabaleko kontzertua eskainiko du.
Arrasate Musikaleko ikasle eta irakasleek osatzen duen taldeak swing, blues, bossa, funk eta rock estiloetako kantuak eskainiko ditu.
Beñat Agirreurreta. (Gatzagako gazte taldeko kidea)
"Gazteok ere antolatu behar ditugu ekintzak; bestela, jai daukagu"
Beñat Agirreurreta Gatzagako Gazte Taldeko kidea da eta aurten, irailaren 8ko, egubakoitzeko, rock kontzertuen antolaketa lanetan izan da, besteak beste.
Zein talde izango dira aurten Leintz Gatzagako rock jaialdian?
Txerrikumeak, Oldarkor, Legez Kanpo eta Teers And Beers taldeak izango dira aurten. Guztiak punk-oi! musika estilokoak dira. Musikari gazteek osatzen dituzten taldeak dira. Gernikatik datorren Teers And Beers da ibilbide luzeena duen taldea, Debako Oldarkor eta Arrasateko Legez Kanpoko musikariek ere beraien ibilbidetxoa dute egina, azken hauek Agressive Combat taldetik datozenak, eta Aretxabaletako Txerrikumeak hasiberrienak izan arren, hauek ere indarra hartzen ari dira. Talde guztiek emanaldi bikaina eskaintzea espero dugu eta bailarako jende asko etortzea gustatuko litzaiguke.
Gazte Taldearen konpromisoa handia da herriko jaien antolaketan?
Gatza City Crew –Gatzagako gazte– deitzen diogun taldean, 17 eta 28 urte bitarteko hainbat gazte gaude, eta inplikatu beharra daukagu jaien antolaketan; bestela, jai daukagu. Egubakoitzeko kontzertuak guk antolatzen ditugu; zapatukoak, berriz, Udalak. Hala ere, iaz ez genuen irabazi handirik izan, eta Udalak diru gehiago jarri behar izan digu aurten, kontzertuak antolatzeko.