Azken edizioan Korrika ekimen Leintz Gatzagatik igaro ez bazen ere, aurtengoan bai, eta herritar askok eta askok gogo eta ilusio handiz egingo diote ongi etorria euskararen aldeko ekimen handi honen hogeigarren edizioari.
Antolatzaileek aurreikusten dute 14:35ean iritsiko dela Korrika Leintz Gatzagara, Marulandara, zehazki. Herria gurutzatu, eta aldapan gora jarraituko du Gatzagaineraino, harik eta mugara iritsi arte. Arratsaldeko hiruak inguruan izango da hori.
Dena den, Korrika bera ez da izango biharko ekimen bakarra; izan ere, horren bueltan egun osoan zehar izango da zer egin herrian.
Neska mutikoendako ekintzak
Ohitura den bezala, Korrika iritsi aurretik, eguerdiko hamabietan, herriko umeek petoak soinean jantzi eta Korrika Txikia egingo dute, Herriko Plazatik abiatuta eta erdiguneko kaleak zeharkatuz.
Bukatzean, indarrak berreskuratzeko hamaiketakoa eskainiko dute Gurelekoek, ez umeentzat soilik, baizik eta gerturatzen diren guztientzat. Toki Eder elkartean egingo dute hamaiketako hori.
Ez dira, baina, hor bukatzen txikiendako antolatutakoak. Hala, herriko ume eta gaztetxoek, plan berezi modura, ludotekan gaubela egingo dute, bertan lo egiteko aukera izango dutelarik.
Lekuko eramaleak
Korrikako 2317 kilometrotik 2320rainokoak izango dira Leintz Gatzagatik igaroko direnak. Kirometro horietan herriko hainbat talde eta eragilek eroango dute Korrikako testigua.
Eskoriatza aldetik sartuko denez, Marulandatik sartuko da herrian korrika. Han, lehenik, Marulandako bizilagunek eroango dute lekukoa, eta haiek txirrindulariei pasako diete. Hauek udaletxeraino joango dira, eta bertan Udalaren kilometroa hasiko da. Dena den, puntu lekukoa eroateaz umeak arduratuko dira. Arrate baserrian, Uruguaitik etorritako Salterain familiak hartuko du lekukoa. "Haien jatorrizko familiaren baserria denez, erabaki dugu puntu horretan beraiek eramatea testigua", azaldu dute Korrika batzordetik. Haiek Burdinkurtzeraino joango dira, eta bertatik zubiraino Sormeneko Asier Ugartek eroango du lekukoa. Hark Gureleko Dorleta Elkorobarrutiari pasatuko dio, Gatzagainen. Honek, berriz, Gaztainuzketakoei, eta, azkenik, Sorginak taldekoek eramango dute testigua Arabako mugaraino.
Bertso afaria
Iluntzean, berriz, bertso afaria izango da Soran etxean, Andoni Egaña eta Onintza Enbeita bertsolariekin, 21:00etan. Dagoeneko saldu dituzte txartelak, baina Korrika batzordetik diote norbait azken orduan animatuko balitz, "tokia izango duela".