Atzo, Emakumeen Nazioarteko Egunean, Buen vivir dokumentalaren emanaldia izan zen kultura etxean, eta gero solasaldia egin zuten luntxaren bueltan. Dokumentalak Guatemalako komunitate indigenetako mugimendu feminista jorratzen du, eta bertako indigena talde batek egina da, hain zuzen.
Gainera, bihar, egubakoitza, Guatemalako indigena kooperatiba bati buruzko erakusketa jarriko dute Kultur Etxean, eta 12 egunez egongo da ikusgai.
Bihar, zapatua, Sorginak emakume taldeak bazkaria egingo du, urtero moduan. Soran Etxean izango da, 14:30ean. Bazkalaurretik txikiteoa egingo dute, ordu bata aldean elkartuta.
Lagunarteko hitzordua
30 lagun inguru batuko dira mahaiaren bueltan, adin guztietakoak, gainera: bai 20 urteren bueltan daudenak, baita 96 urte beteta dituztenak ere.
"Herriko emakumeak elkartu, gertukoen kontuak entzun eta haiengandik ikasteko" egiten dute bazkaria. Sorginak taldearen urteroko hitzordu jendetsuena eta garrantzitsuenetakoa izan ohi da, eta urte asko daramatzate ekimenarekin, taldearen sorreratik bertatik.
Bazkalostea Humberto disko jartzailearen musikak girotuko du, Soran Etxean bertan.
Korrikako arropak salgai
Bestalde, egun berean, martxoak 11, aurtengo Korrika ekimeneko arropak saltzeko postua jarriko dute frontoiko arkupeetan, 11:00etatik aurrera. Materiala bertan probatu eta erosteko aukera bakarra izango da. Aurrerantzean, Internetez bakarrik erosi ahal izango da.