San Juanzar baserrian egingo dute Zuhaitz Eguna, hilaren 12an

Iazko landaketako hutsuneak beteko dituzte. Horrez gain, Fermin Lezeta basozainak egurrezko eskailerak egiten irakatsiko die bertaratutakoei. Horiek izango dira eguneko ekintza nagusiak.

Urteroko zita errespetatuz, Zuhaitz Eguna egingo dute aurten ere Leintz Gatzagan, negua amaitu baino lehen, Gurel gurasoen elkarteak antolatuta. Martxoaren 12an izango da hori, San Juanzar baserrian.

11:00etan hasiko dira ekintzak, baina, nahi duenak herritik oinez joateko aukera izango du, izan ere, 10:30ean plazan elkartzeko asmoa erakutsi dute antolatzaileek.

Bi ekintza izango dira, nagusiki, Zuhaitz Egunean. Alde batetik, urtero egiten den zuhaitz landaketa egingo dute aurten ere. "Iaz egindako landaketa batzuk ez dira ondo irten, landare batzuk igartu egin dira egin dute. Horregatik, aurtengo asmoa da landaketak utzi zituen hutsuneak betetzea", azaldu du Aitziber Gorosabel Gurel elkarteko kideak.

Beste alde batetik, egurrezko eskailerak egiten erakutsiko die haur zein helduei Fermin Lezetak, herriko basozainak, azalduz egurraren erabilera nolakoa den, ze egur mota den egokia horrelako gauzetarako, noiz bota behar den zuhaitza eta abar.

Gurelek antolatzen duen arren, herri guztiari zuzendutako eguna izaten da Zuhaitz Eguna. "Egia da Gurelek antolatzen duela, baina herritar guztiek disfrutatu dezaketen eguna dela uste dut", dio Gorosabelek.

Hamaiketakoa

Azkenik, lanak bukatzean, hamaiketakoa egingo dute, gerturatzen diren herritarrek etxetik eramandako janariarekin. "Izena ematen duen jende kopuruaren arabera, zerrenda bat egingo dugu eta bakoitzak zerbait desberdina eramango du", zehaztu du Gorosabelek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.