Hilario Arana Beitia Gatzarra (1911-1936) izan da profesionaletarako jauzia egin duen txirrindulari gatzagar bakarra orain arte; BH eta Orbea taldeetan ibili zen. Hala ere, pasatu dira urte batzuk ordutik hona.
Dorleta txirrindulari elkarteko kide Alberto Altubek omenaldi moduko bat egin nahi izan zion aurtengo San Milixan azokan. “Sasoiko txirrindulariez bakarrik gogoratzen gara, eta, askotan, etxekoak ziren lehenagoko txirrindulariak ahaztu egiten ditugu. Beraz, gizon honi aipamen bat egitea egokia litzatekeela pentsatu genuen. Eta, Fagor eta Kas taldeetako bailarako txirrindulariei aipamen bat egin geniela aprobetxatuta, haren argazki batzuk jarri genituen, omenaldi moduko bat egiteko", azaldu du Altubek.
Entrenatzeko, zaku patatak
Modu bitxian entrenatzen zen Gatzarra. Izan ere, zaku patata bat bizkarrean zuela entrenatzen zen. "Gaitasun handiak zituen, bai, baina adituek zioten indar handiagoa eta sasoi hobea lortzeko helburuarekin egiten zuela. Beste teoria bat da zaku patata hori beste nonbaiten saltzeko erabiltzen zuela, bidaia aprobetxatuz, baina ez dakigu", zehaztu du Altubek. Gaineratu du pisu dezente eramaten zuela zakuetan. “Herriak hori komentatzen bazuen, zerbaitegatik izango zen, ez ziren bi kiloko zakuak izango, diot nik”.
Talde gizona
Taldekideen mesedetan lan handia egiten zuen txirrindularia zen, laguntzailea zen. "Bizikletan ibiltzeko sekulako gaitasuna zuela zioten garaiko adituek, guztia aurretik eramaten zuela”, adierazi du Altubek.
Horrez gain, hiru aldiz Espainiako txapeldun izandako Luciano Monterok ere gauza bera esaten zuen eta gatzagarrak "etorkizun paregabea" izango zuela azpimarratzen zuen, Altuberen esanetan.
Gerra zibilean, fusilatu
Adituek etorkizun oparoa zuela iragarri arren, oso gazterik hil zen, 25 urterekin. Izan ere, Espainiako gerra zibila hasi zen urtean, 1936an, Francoren tropek fusilatu egin zuten, Oiartzunen, Gatzagako eta bailarako beste hainbat herritarrekin batera.
Altubek azpimarratu du ezin izan dutela Gatzarra-ri buruzko informazio gehiago eskuratu. “Sasoi hartako bizilagunik ez da bizi eta ez daukagu informazio gehiago hari buruz, ditugun datu bakarrak hauek dira. Herriko jendea ez da harekin gogoratzen, oso gazterik hil zelako. Adineko jendeak ere ez daki gauza garbirik hari buruz”, dio.
Afizionatuetan, lau herritar
Profesional mailara ez iritsi arren, lau dira afizionatu mailan aritu diren herritarrak orain arte: Jon Sasiain, Igor Fernandez de Arroyabe eta Xabi eta Josu Beitia anaiak.