Xabi Fernandez gatzagarrak Uniraid proiektuan parte hartuko du, Alvaro Fernandez bilbotarrarekin batera. Proiektu honetan, Dakar lasterketan egiten ziren etapa berberak kotxez egitea da asmoa. "Lasterketa honen esentzia berreskuratu nahi da egitasmo honekin", dio Xabi Fernandezek. Hala ere, ez dute lehiaketa moduan egingo, helburu solidario eta ekintzaileak dituen proiektua da eta.
Alde batetik, helburu solidarioa du proiektuak. Izan ere, 30-40 kiloko materiala eramango du parte-hartzaile bakoitzak, Afrika iparraldeko haurrei laguntzeko.
Bestetik, helburu ekintzailea dauka, parte-hartzaileek eurek bilatu behar dituzte eta babesleak. "Aurrekontua egin, laguntzaileak bilatu, kotxea prestatu eta abar egin behar dugu. Horregatik da ekintzailea proiektu hau", azaldu du Fernandezek.
Low cost
Modalitate ezberdinak daude proiektu honen baitan, baina bikote honek low cost izenekoan hartuko du parte. "300 euro inguruko kotxe bat lortu behar izan dugu, 30 urte baino gehiago dituena. Gu Ford Fiesta batekin goaz", zehaztu du Fernandezek. 100 bikote inguru izango dira beraiekin batera.
Babesleak
Oraingoz, Aretxabaletako Mondragon Assembly enpresaren babesa dauka bikoteak, baina aurrerantzean babesle gehiago lortzea gura dute eta horretan ari dira lanean.