Leintz Gatzagako Udalak hondakin organikoa kudeatzeko darabilen eredua aztertzen du Joseba Sanchez ingurumen aholkulariak landutako txostenak. Uztailean Gijonen txostenaren alde soziologikoa aurkeztu zuen Sanchezek eta orain, Belgradon –Serbia–, alde teknikoa aurkeztu du, mundu mailako kongresu batean. Hala ere, bere lankide batek aurkeztu behar izan du, Ramon Planak, berak ezin izan du-eta bertara joan.
Eredu deszentralizatua
Hondakin organikoa sortzen den leku berean kudeatzeari deritzo eredu deszentralizatua. "Hondakina jaso eta leku zentralizatu batera eraman beharrean, tokian bertan tratatzea da", azaldu du Sanchezek. Hain zuzen ere, eredu hau da Leintz Gatzagak erabiltzen duena.
Arrakastatsua
Oso erantzun ona izan du lan honek kongresuan. "Bertan zeudenengan interes handia piztu zuen nire lanak; egia esan, ez nuen espero", nabarmendu du Sanchezek. "Udalak egindako lana baloratu zuten. Agian hemen ez dugu hainbeste baloratzen, baina beste leku batzuetan asko baloratu dute", gaineratu du. Oraindik deiak eta emailak jasotzen dituela dio, informazio eske.
Kongresu garrantzitsua
Besteak beste, mundu guztitik etorritako ingeniariak, politikariak eta teknikariak batu dituen kongresua izan da Belgradon eginikoa, 72 herrialdetatik hurbildutako 1300 parte-hartzaile baino gehiago batu dituena. Bertan parte hartu ahal izateko, martxoan eman zuen izena Sanchezek. "Lehenik laburpena bidaltzen duzu eta, horren arabera, zure lana kongresuan aurkezteko aukera ematen dizute edo ez", dio txostenaren egileak. Kongresu horren baitan, ondorengo saioan aurkeztu zen lana Sanchezen lana: Hondakin organikoa prozesu biologiko bitartez kudeatzeko eredu deszentralizatuak.
Erreferente
Leintz Gatzagan erabiltzen den eredu hau mundu mailako erreferente bihurtu da. "Beste herrialde askotan, konpostajea erabiltzen da eta iniziatiba batzuk ere badaude, baina ez da benetako erreminta bat bezala erabiltzen. Beraiendako konpostaje deszentralizatua da 300 tonako planta bat. Beraz, eskala txikiagoan egin daitekeela eta ondo funtzionatzen duela ikusten dutenean, harritu egiten dira", azaldu du ingurumen aholkulariak. Gaineratu du hemen "herri guztian" kudeatzen dela hondakin organikoa eta hori, leku askotan, planteatu ere ez dutela egin oraindik.
Bailaran, bakarra
Debagoiena osoan, Leintz Gatzaga da organikoa kudeatzeko eredu hau erabiltzen duen herri bakarra, nahiz eta herri guztietan kudeatu. "Eskoriatzan, adibidez, auzokonposta egiten dute, baina, horrez gain, bilketa ere badago. Gatzagan herritarrendako bilketa sistemarik ez dago", azpimarratu du.
ISWAko kide
International Solid Waste Association erakundeko bazkide da Sanchez. Horregatik, kongresuetarako harremana "errazagoa" dela aitortu du.